viernes, 20 de noviembre de 2015

LEGASAKO HERRIARI

Legasako herriari: Urruti, oso urruti gelditzen da nire lehengo eguna Legasara etorri nintzenean, 1984.urteko irailan izan zen. Lehenago 4 urtez Lesakan izan nintzen, baina ez du deus ikustekorik gero Legasan bizitu nuenarekin. Denbora hoietan herriko maisuak udaletxeek edo konzejuek izendatzen zuten, ez Nafarroako Gobernuak, orain egiten den moduan. Seguraski errezelu haundia izango zen ez bainintzen ezaguna herrian, kanpotarra nintzen, arrotza, baina bai konzejuak bai gurasoek apostua egin zuten niregan konfianza izaten eta eskola hautsatik berriro eraikitzen. Herriko etxea berritu zen eta bertan, lehen zegoen moduan, eskola jarri zen. Urte batez Kapainean egon ginen oso baldintza kaxkarretan… baina oso zoriontsu! Ze ilusioak! Herriko haurrak elkarrekin gela batean, eskola batean! Ikustekoak dira horko argazkiak! Materialik ez, … ezer ez! Baina gogoa…! Eskola berrian lehenbiziko urteak ere ez ziren errexak izan, ni bakarrik aste osoa, arlo guztiak ematen, erlijioa ezik, nire euskara oso kaxkarra (ikasi dudana Legasan ikasi dut eta harro nago!), materialik gabe, mobleztatu gabe, libururik gabe (ez zen euskarazko libururik!),fotokopiagailua (zer zen hori?), kopiak eskuz edo “vietnamita” batekin, gela kopurutsua (23 ikasle batera izan nituen urte batez!),… arratsaldeko 5etan leher egina bukatzen nuen eguna, eskerrak gaztea nintzela! Kalefazioa egurrezkoa zen eta tarteka joan behar izaten nuen egurra sartzera, eta haizegoa zegoenean… ekia kanpora botatzen zuen! Eta hiruzpalau haur txiki ondoan, noski! Gelan batzutan hotzegi eta eta beste batzutan beroegi, termostatoa?? Telefonoa?? Ezzz! Inkomunikatua aste osoa! Inkomunikatua kanpokoekin, komunikazioa herrian zegoen. Orain amatxi eta atautxi diren lehengo gurasoak beti ondoan ea zerbait behar nuen, beti positibo eta beti nire alde,…(arraultzeak, pastak, txistorrak, onddoak, tomateak, … zenbat opari!). Urte zailak izan ziren guztientzat baina oso zoriontsu eta pozik bizi izan genituen momentu hoiek! Pixkanaka pixkanaka eskola sendotzen joan zen, bi gela sortu ziren, irakasle berri asko etorri ziren musika, inglesa, gorputz heziketa,… ematera. Gelak hornitu ziren eta material aldetik ez genuen ezer falta. Gurasoek, eskolako garbiketa egiten zuten txandaka eta kobratzen zutena… eskolarako gelditzen zen! Horri esker urte oparoak izan ziren. Gero eskola behitira joan zen urtez urte. Herriko gazteak bizi modu on baten bila kanpora joan ziren, herrian ez zen haurrik jaiotzen eta kanpoko jendeekin hornitu zen eskola. Hauek urte gutxi batzuk egon eta berriro kanpora, beste herri batera joaten ziren. Eskola desagertzeko zorian egon zen, baina “ave fenix” bezala berriro berpiztu egin zen, eta nola! Berriro herriko gurasoak ausartak izan ziren eta beren umeak Doneztebeko eskolara eraman beharrean (oso errexa eta erosoa zen hori egitea) herrian bertan gelditzea erabaki zuten. Hoiei esker eskola berriro gora joan da eten gabe, indartsu eta gogotsu. Berriro bi gela (datorren urtean hiru), irakasle berriak, ikasle aunitz eta denak indarberrituak. Lehen nire ikasleak izan zirenak, orain eskolako gurasoak dira! Ze polita den gurasoen ilusioak konpartitzea! Beren poztasunak, beren kezkak,… ni, nahi gabe, guztien etxeetan sartzen nintzen haurrek kontatzen zidatenengatik ; mila aldiz erraten nien: “etxeko gauzak ez dira kanpoan kontatu behar!”, baina… haurrak, haurrak dira! Eskerrak herri guztiari eman nahi dizkiot, baina, hemen eskerrak ematekotan, izenak jarri ezkero, herriko errolda osoa jarri beharko nuen. Dena den ezin dut bukatu familia bat aipatu gabe: Mari Kruz eta Opoka. Biek familikoa bezala hartu ninduten. 15 urtez egon nintzen hoiekin bazkaltzen etxekoa banintz bezala. Guztientzak besarkada haundi bat. Bihotzez. Karlos Braco (Nafarroako lehen moduko azkenetariko maixua, seguraski)